XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HAZPARNE

Kiroldegi berria

Hazparneko jendea gomitatua da MENDEALA kiroltegi berriaren estrenatzerat.

Ilabete hunen 26an izanen da estrenatze hori, egun guzia iraunen duena.

Goizeko 9etan hasiko da, plazatik kiroltegirat ibilaldia, soinu eta dantzariekin.

9.30etan meza, 11 orenetan estrenatze ofiziala, 12 orenetan hurrupaldia eskainia izanen da, aratsaldean 3 orenetarik 8ak arte, elkarteek erakutsiko dituzte beren kirol ala kultur lanari doazin ikusgarri labur batzu.

Herriko etxetik

Herriko hautetsien biltzarrea aste huntan beharra zen.

Abendoaren 15eko galdea helarazia izan zaiote zenbait erabakiren hartzeko.

Hala nola 10 bat gai eztabadatuak izanen diren eta hauen artean Hazparne aldeko herrien elkartetik ateratzea.

Zinema

12/16an aratseko 9etan C'EST QUOI LA VIE? 12/17, 18, 19 eta 21etan aratseko 9etan FIGHT CLUB.

Igande aratsaldean 4 orenetan ere azken filma hau emana izanen da.

Filma hau 16 urtez petik direneri debekatua da.

HAZPARNEKO IKASTOLAN, LEHENDAKARI BERRI BAT: Nathalie PAROIX

Nathalie Paroix lehendakari berria.

Berrikitan (azaroaren 19 an), ELGAR zentroan iragan da Hazparneko Ikastolaren biltzar nagusia.

Burraso, erakasle eta kide andana bat aurkitu da hor, bai ta ere, Beskoitzeko lehen axuanta, Jean Thicoipé.

Beste hautetsi batzuek beren ezin etorria jakin arazi dute.

Urteko biltzar nagusia izanki eta, joanden urteko harat hunatak zer izan diren diru, egoitza, langile, besta antolatze, jan gela eta herriko etxeetako harremanen mailan jakin dugu, bat bestearen ondotik mintzatu baitira Marie Jeanne Berterretx orain artinoko batasuneko lehendakaria, Maite Erdozaincy Barbier ikastolako zuzendaria bai eta Mayi Reme orai artinoko diruzaina...

Giro ona ta nahikeri gaitza

Orokorki erran ditaike nahikeri gaitza eta giro ona sendi dela eskola huntan, erakasleen eta burrasoen artean.

Iragan urteari behako bat emanez, ohartzen gira haurren kopurua goitituz doala: Hazparneko Ikastolak 99 ikasle ditu, 45 ama eskolan eta 54 lehen mailan; 37 Hazparnetik eta 62 auzo herrietarik: 3 urte hauetan, kopuruak % 40ez igo dira.

Haurrekilako ekintzak urtean zehar aberatsak izan dira: antzerki, musika, kantu eta tindua mailan.

Azpimarratzekoa da kantu xapelketako parte hartze haundia (4 haur talde aurkeztuak izan dira eta hauetarik 2 saristatuak).

Bertsulari ttiki egunean ere, 4 haurrek sari bat ereman dute.

Ttipi eta haundiek, gela guzietan tindua lantu dute eta ondorioz, ekainean, erakusketa bat muntatu Elhuyar mediatekan.

Eguberriko ikusgarria, antzerki baten itzulian muntatu zuten, ttiki eta haundiek parte hartzen zutelarik.

Bertzalde ingurumenaren ezagutza barnatu dute, tokiko berezitasun batzu bisitatuz hala nola Hazparneko mindegia ONFeko pertsona batekin, eihera, Arnaga etxea eta baratzeak, bai ta ere ateraldi eta egunaldiak antolatuz, Alduden (CP eta CE1), Duzunaritzen (ama eskolako arteko eta haundiekin) eta 3. ziklokoekin, Bizkaian gaindi 3 egunez ibiliz (Bizkaiko kostaldea eta Bilboko museo, lantegi, metro...).

Hots ezin hobeki iragan da urtea.

Aktibitate pedagogiko hauekin, lotu behar dugu aurten zailtasun haundiko haur baten integratzea Hazparneko ikastolan.

Proiektu hunen itzulian, biziki baikorki ardietsi dute Hezkuntza Nazionalak.

Eskola osasunaren arduradunak, Chrysalide elkarteak, Paueko A.G.P.I. eta AFM (Association Française des Myopathes), Hazparneko Herriko etxeak eta bixtan dena, Hazparneko ikastolako erakasle taldeak.

Gaurregun, Asier elektrikazko ibilgailu batean dabil kasik egun osoan laguntzaile batekin, hau da Kattin Etcharren, AGPI-k ordaindurik.

Hazparneko CCAS-ek erosi ditu ordinagailu eta logiciels zenbait, Hazparneko hiriak egokitze obrak bere gain hartu ditu.

Ondotik, Asier-ek ikastolan segitzen du beste haurrek bezala, familian egonez eta baldintza onetan.

Kultur eta kirol arlotan, Hazparneko Ikastolak joan den urtean lau ekintza nagusi antolatu ditu: Txominen Lagunak kantaldia urte hastapenean, Beherearta antzerkia abendoan, Kaskoz Kasko maratoi erdia ekainean Baionako ikastolarekin eta Joko moko burrasoen arteko antzerki taldeak, bere laugarren ikusgarria agertu du ekainean eta lehen aldikotz auzo herri batean.

Ibimolde kondu mailan, burrasoen zamaren arintzeko bestak eta herriko etxeen diru laguntzak beharrezkoak dira.

Bainan emendatu behar lukete.

Lan eta dirua aldetik, burrasoen parte hartzea oraindik izigarri haundia da.

Eta egoitza berria?

Herrien elkarteak eman prefabriqués horrek, urte batentzat gure beharrak konpondu ditu.

Egoitza berria proiektuarentzat, herrien elkarteko lan talde berezia eta Ikastola Berri taldea bildu dira.

Joanden urriaren 22 an, beti antolatze eskeman egonez, Herrien Elkarteak onartu du herrien arteko kultur zentro baten eraikuntzaren prinzipioa.

Egun, ez dago oraino prefeturatik erantzunik.

Anartean burrasoek prefabrikatu berri bat erosten dute helduden urtarrileko.

Iragana eta geroa aipatu ondoan, lehendakari berria hautatu dute burasoek: Nathalie Paroix, Donamartirikoa.

Hunek Marijan Berterretx-en tokia hartzen du.

Bertze 3 kide berri ere sartu dira bulegoan: Bixente Vrignon, Jenofa Bordato eta Marko Etxezaharreta.

Afari on baten inguruan eta giro onean bururatu da Hazparneko ikastolaren biltzar nagusia.